BIltzarre

Albisteak

5. Herrigintza aurrena: Katalunian ANC sortu da OMNIUNek 50 urte zituenean

2017-12-01

Juan Inazio Hartsuaga (etnografoa)

Abraham Lincolni esleitu ohi zaion esaldi batek laburbiltzen du proposamen honen mamia:

“Ordubete emango balidate zuhaitz bat eraisteko, lehen hiru ordu laurdenak aizkora zorrozten emango nituzke.”

Kataluniako azken hilabeteotako gertakarien harira, nabarmen ugaldu dira gure artean independentziarako bidean aurrera egiteko hainbat motako ahaleginak: Elkarretaratzeak, herri kontsultak, manifestazioak, eta gaurkoa bezalako biltzarrak, independentziaren helburua erdiesteko behar diren estrategia eta urratsak eztabaidatzeko. Kataluniako aizkolaria zuhaitz itzela eraitsi-hurren dagoela-eta, hortxe animatu gara, gu ere, gure zuhaitzari nondik eta nola kolpeak tiratzen hasi gogoetagintzan. Eta beldur naiz, hainbati entzunda, esku artean dugun aizkorari batere begiratu gabe, animatu ere.

Katalanen lorpen itzelak bi erakunderen eskutik etorri dira: ANC eta Omnium Cultural. Lehena, berria oso, 2012an eratu zen, Konstituzio Auzitegiak 2006ko Autonomia Estatutuari egindako inaustearen ondorioz,  eta bigarrena berriz, aspaldikoa, gure ikastolen garaitsukoa, 1961ean bost enpresari katalantzalek sortua, Hizkuntza, Kultura eta Herria goiburuaz. Lehenak, Kataluniako gizartearen frustrazio politikoa gidatu du eta bigarrenak, prozesu osoaren oinarria den herrigintza sendo bikaina sustatu du. Lehena, baldintza egokiak egokituz gero, zailtasunik gabe sortu ahal izango zitekeen Euskal Herrian ere. Bigarrenak eragin duen herrigintza sendo hori ordea, urte luzeen emaitza moduan baino ezin da erdietsi.

Herrigintza da kakoa. Herrigintza da Katalunian eskutan duten aizkora sendoa eta Euskal Herrian eskutan dugun kirten ustelekiko aizkora mailatu, koskatu, barregarria. Alferrik dira aizkolariaren gazte sasoi bikainenak, honelako aizkora eskasarekin ezin da zuhaitz handirik eraitsi.

Izen hori merezi duen herrigintza batek bi zutabe ditu beti: Bata hizkuntza eta bestea herri-nortasuna. Katalunian bikain landu dituzte biak: katalana da bertako gehienen lehen hizkuntza eguneroko bizitzan eta bada kataluniar estilo propio berezia, guztiok zailtasun handirik gabe definitzen jakingo genukeena: adeitsua, baketsua, inteligentea, besteekiko errespetua adina berearekiko irmotasuna erakusten dakiena. Bi zutabe hauen ezean, frustrazio politiko berberak ez zituen eragingo, eragin ahal izan dituen neurriko erreakzioak.

Hizkuntza eta herri-nortasun propioaren gainean herri bat sortzea da gure gaurko erronka, ez independentziarako ametsezko bideak irudikatzea. Herrigintza da gaurko erronka, herria deseginda dugulako, etsaiaren hizkuntzan bizitzen gero eta erosoago, eta zer garen eta nolakoak garen gero eta lausotuagoa dugulako. Sabino Aranak duela ehun urte baino gehiago, etorkinei ez zitzaiela euskara irakatsi behar aldarrikatzeko bere Errores Catalanistas idatzi zuenetik, duela gutxi “socializar el sufrimiento” hobetsi zutenen arte, edo oraintsuago, independentziara bidean euskararen borrokak apur batean itxoin beharko duela dioten teorizatzaile berrien arte, ia etengabe, eta salbuespen bakanak salbuespen,  karramarruak bezala atzeraka joaten tematu garelako. Eta ehun urtez atzera eginez oso urruti iritsi gara, zoritxarrez. Gaur herri honetan, dena da Gaztetxe eta Zahar-etxe, Lilatoi eta Alarde Tradizional, gudari eta zipaio, nazionalista ustel, unionista nazkagarri eta abertzale anti-sistema, enpresari burges berekoi, funtzionari alfer eta sindikatu erotuak . Hainbeste eta hain zatikatu diren multzo horiek guztiek duten kidetza ia bakarra eta nabarmenena, guztiak herri beraren kide bihurtzen dituen ezaugarririk nabarmenena, guztien erdaltzaletasuna da. Guztiak daude eroso samar Espainiako  hizkuntza hitzetik hortzera erabiltzen. Hauxe da panorama.

Hizkuntza eta herri nortasuna eraikitzea dira lehenetsi beharreko erronkak. Zer jan ez duzunean, janari bila jardun behar duzu, ez bazkalondoan erreko duzun puruaren bila. Oso, oso atzetik abiatzen gara maratoi honetan, eta gaur bertan hasita bide zuzenean sartuko bagina ere, ez dut uste belaunaldi pare bat baino lehenago erdietsiko dugunik hizkuntzan eta herri nortasun propioan oinarrituriko herrigintza sendoa garatzea.

Non gauden ikusita, eta inguruan entzuten diren proposamenak entzunda, ez dut uste herrigintza hau erdiesteko neurriak, atalak eta aurrekontuak zehazten hasteko unea denik.  Nire helburu bakarra gaur eta hemen zera da, diagnosi honen inguruan irizkidetza ahalik eta zabalena lortzea eta hurrengo batean, hizkuntza eta herri nortasun propioan oinarrituriko herrigintzari buruzko biltzar monografiko batean biltzea, han bai, gaiari buruzko eztabaidetan sartzeko.

Dena den, balizko eztabaida horien nondik norakoei tankera eman nahi izanez gero, ondoko esteka hauetan aurki daitezke nire proposamenak eta gogoetarako gonbiteak.

https://www.academia.edu/2067594/Euskararen_egoerari_irizten

https://www.academia.edu/9488170/GURE_NORTASUNA

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  12
3
45
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan