BIltzarre

Albisteak

9. Jon Urruxulegi: Euskal Batzar Nazionala

2017-12-10

Estatua lortzeko gaitasuna izango duen indar berri bat sortu behar du independentismoak, ez existitzen denaren batura huts bat. Abertzaleen batasunetik (%55) hobeto bizi nahi dutenen mugimendura (%85) pasatu behar du independentismoak.

Aski dugu Euskal Herriaren erradiografia orokor eta xume-xume bat egitea, erantzuteko konpromisozkoak diren hainbat galdera bertan adierazteko. Nolako politika ari gara garatzen euskaldunok? Zertan ari gara? Zertan lehiatzen dira gure alderdi politiko eta sindikatuak, bereziki abertzaleak? Nolatan dago herri xehea panorama sozio-politiko-kultural tragiko honen aurrean erreakzionatu gabe?

Militarki, polizialki, eta administratiboki erabat konkistatuta gaude, kulturalki alienatuak gauzkate, gure erreferentzia bital ia guztiak espainolak eta frantsesak dira eta sakonki barneratuak dauzkagu. Intelektualki guztiz desjabetuak aurkitzen gara. Zeren zain gaude independentziara eramango gaituen bide-orri serio eta fidagarri bati heltzeko? Ez al gara fikzio nazional kezkagarri bat bizitzen ari, gure egunerokoan inkontzienteki ukatzen duguna?

Alderdi politikoak hurrengo bi helburuak lortzen tematzen dira nagusiki: alde batetik euren arteko lehia gogorrean gizarteko ahalik eta sektore eta instituzio gehien monopolizatu eta kudeatzen eta, bestetik, hurrengo hauteskundeak irabazteko prestatzen, euskal herriaren kausarako beti baitira hurrengoak oso erabakigarriak. Berebiziko energiak kontsumitzen dituzte liskar amankomun ideologikoetan, polemika antzuetan, elkarrekiko deskalifikazioetan, subiranotasun aldarrikapenen alde sinergiak biltzen saiatu beharrean.

Beraz eta kontuan izanik gaurko gure alderdi politikoen, sindikatuen, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskal Elkargoaren  eta beste hainbat gizarte eragileren gaitasuna edo elkar ulertzea ez dela batere egokia euskal herria organizatu eta borroka independentista demokratiko batean kokatzeko, guk euskal estrategia independentista baterako gidoi super-eskematiko bat proposatutzen dugu.

Honela bada, kontuan izanik Euskal Herriaren etorkizunaren guztizko garapena bermatu dezakeen sistema politiko bakarra euskal Errepublika independentea lortzea dela, pentsatzen dugu ezinbestekoa dela gaur eta hemen egitura edo organizazio politiko transbertsal eta apartidista berri bat sortzea, zeinari dei diezaiokegun Euskal Batzar Nazionala. EBN-k solemneki deklaratuko du borroka ideologikoa bere aspektu guztietan sustatzeari  uko egitea, aspektu hauek kulturalak, erlijiosoak, klasekoak nahiz edozein motatakoak izan, salbu Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatzeari buruzko ideologia.

EBN-ren aktuazio eremuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa hartuko ditu bere baitan, oso kontuan jasoz hiru lurralde administratiboetako bakoitzaren kontzientzia eta borroka-erritmoaren maila. Bai EBN-ren egituran hala funtzionamenduan barne demokraziaren kriterioek aginduko dute eta halaber bermatuko du emakume eta gizon guztien partizipazioan baldintza eta aukera berdintasuna.

EBN-ren finantziazioa bere bazkideen, kolaboratzaileen, sinpatizanteen eta bazkide babesleen kuota eta aportazioek osatuko dute, honela bere aktuazioan erabateko independentzia, transbertsalitatea eta apartidismoa mantendu ahal ditzan.  

Bere ordezkaritza eta gobernurako organoen artean, Batzorde Exekutibo Nazionala sortuko da ad hoc eratutako batzorde batek aurrez aukeraturiko 20 partaidez osatua, zeinak markatuko baitu EBN-ren estrategia politikoaren bide-orri eta orientazioa, ondoren Batzar Nazionalak zehaztu eta onartzeko. BEN-ek EBN-ren ibilbide independentista zehaztuko du estrategia unitario nazionala markatuko duten ekarpen teoriko eta taktikoen bidez.

Euskal Batzar Nazionalaren egitura organizatiboa aktibatu eta bideratzeko hasierako prozedura.

¨ Euskal Batzar Nazionalaren promotoreak liratekeen 20/25 bat euskaldunen kolektibo sustatzaile bat eratuko da, jatorriz 7 herrialdeetakoak, entitate pribatu eta publikoen  eta gizarte osoko sektore eta sentsibilitate politiko, sozial, kultural guztien ordezkariek integratua eta ahal bada independentziarako jende-erakarpen ezagunekoak izango direnak.

¨ Euskal Batzar Nazionalaren ondorengo egitura-garapenaren sorrera izango den kolektiboak proiektu berriaren interpretaziorako ildo eta oinarri sendoak aurkeztuko dituen corpus teoriko bat osatzeko artikuluak, testuak-eta idatzi eta publikatuko ditu prentsa idatzian eta ikus-entzunezkoan, euskaraz, espainolez eta frantsesez.

¨ Kolektiboak tribuna mediatiko bat sortuko du non azalduko dituen EBN-k bere jarduera politiko-soziala gidatuko duten printzipio eta baloreak. Honela era kritikoan sakonduko ditu  Euskal Estatu Independentea berreskuratzeko behar larriaren aurrean erabakitzen dituen enfokeak.  Zuzendaritzaren bermea duten iritzi testuen bidez euskal gizarteari gonbita egingo dio gogoeta egin dezan euskal herriak berez erabakitzeko duen eskubide inalienableak ekarriko lizkigukeen abantaila ugariak. Tribuna mediatikoak, bada, sustatuko du momentuan gori-gori dauden gaiak debatitzea, hala nola Euskal Estatua berreskuratzea, hezkuntza, osakidetza, euskara, euskalduntzea, feminismoa, jubilatuak, gazteria, etab., etab., eta nazioaren subirania lortuz gero EBN-k aplikatuko lukeen kriterioa azalduko du. Esan nahi baita tribuna mediatikoak armazoi intelektual eta analitiko zorrotza bideratuko duela eta aldi berean diskurtso txit ulergarrian gizarteak bere mezuak egoki digeritu ditzan.

¨ Diskurtso konbentzigarriaren fasea jada egoki bete dela uste denean, eta segurtaturik proiektu berria behar hainbateko sakontasun eta hedaduraz errotu dela euskal gizartean, kolektiboak “Euskal Estatua Berreskuratzea”  deitu proiektu estrategiko  independentistaren aldeko agiri bat idatziko du momentu historikoak eskatzen duen urgentzia larrienarekin eta zabalkunde nazional asea emango dio Euskal Herriko 3 hizkuntzetan gehi ingelesez.

¨ Halaber iragarriko du aipatu agirian “Euskal Estatua Berreskuratzeko Konferentzia Nazionala” deituko den herritar biltzar nazional bat, gizarte osoko estamentu sozial, kultural, politiko guztiak ordezkatuko dituena.

¨ Konferentzian Kontseilu Nazional Iraunkorra hautatuko da, zeinak egiteko bikoitza asumituko duen: a) Euskal Batzar Nazionalaren estatutuak, barne araudia eta Euskal Batzar Nazionalak inplementatuko duen bide-orria idaztea eta b) bere egiteko bereziaren bukaeran Batzar Nazional Eratzailea konbokatzea.

¨ Batzar honetan ofizialki eraturik geratuko da Euskal Batzar Nazionala eta Kontseilu Iraunkorrak aurkeztutako estatutu, barne araudi eta bide-orri probisionalak onartuko dira.

¨ Batzar Eratzailean Erresistentzia Nazionalaren Kontseilu Exekutiboa hautatuko da.

¨ Euskal Batzar Nazionala eratu den egunetik kontatzen hasita segidako hilabetean zehar bilduko da Erresistentzia Nazionalaren Kontseilu Exekutiboa. Bertan zehaztuko dira halaber behin-behinean Erresistentzia Nazionalaren Kontseilu Exekutiboko partaide eta karguen atribuzioak, Euskal Batzar Nazionalaren hurrengo Kongresuan onartuko direnak.

Honela, komitekideek estatu mentalitatez antolatutako zerebroaz aktuatuko dute elkar lanean. Independentziarako borroka demokratikoa sustatu eta koordinatuko du, herriaren lidergoa interpretatu eta sustatuz. Halaber baliatuko ditu alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen aholkuak. EBN-k helburu nagusitzat herri osoaren independentzia izango duenez, nagusiki abertzaleen errepublika (askorentzat etnikoa) aldarrikatu ordez, guztiontzat onura hobeak, bizi-maila hobetzea ziur lekarkeen errepublika erreibindikatuko du. Honela Espainiarekiko gure deskonexioa hiritar ororen xede eta helmuga bilakatuko litzateke.

Komitekideari ez zaio inolako baldintza ideologiko, erlijioso, filiazio politiko, jatorri sozial, kategoria intelektual edota etorki geografiko jakinik exijituko ez eta ezagutza linguistiko berezirik ere, ezpada KEN-en bileretan ongi moldatzeko behar hainbateko euskararen maila. KEN-eko hizkuntza ofiziala euskara izango da. Hala ere, komitekideren bat ez bada gai euskaraz baliatzeko, beste hizkuntza bat erabili ahalko du beti ere estatutuetan adierazita legokeen arabera. Aldibereko itzulpenez baliatuz adibidez.

KEN-ek bultzatuko du Independentziarako Udalen Elkargoa sortzea eta baita independentziaren aldeko beste hainbat elkargo kultural, sozial eta kideko ere.

Komitekideen profilak. A) Juristen ekipoa, EBNren legalitatea aztertu eta biharko Euskal Errepublikaren konstituzioa ere erredaktatuko duena. B) Ekonomialarien batzordea. C) Kirolari ospetsuak. D) Enpresari eta industrialak. E) Irakaskuntza mundukoak. F) Eliz(ar)en ordezkariak. G) Politikoak nor bere kabuz. H) Hedabideen mundukoak. I) Atzerritar pertsonaje ospetsuak. J) Immigrazio mundukoak. K) Osasun mundukoak. L) Besterik. Amaitzeko esan hemen idatzia proiektu askoz zabalago baten laburpen oso-oso eskematikoa besterik ez dela, espazioak hala behartuta erredaktatua. Badakit hainbat galdera iradoki ditzakeela, hemen erantzunik izan ezin dezaketenak.

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  12
3
45
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan