BIltzarre

Albisteak

10. Urtzi Ihitza: Euskalduntasun iraultzailerako bidea

2017-12-11

Sarrera

Ez dago euskaratik eta euskalduntasunetik igarotzen ez den aldaketa edo iraultza sozialik/nazionalik. Baiezkoan jarrita Euskalduntasun sozialak, nazionalak eta iraultzaileak bakarrik eraman ahal gaitu gizarte orekatu, justu eta aurrerakoi batera.

Batetik komunismoa, anarkia, ekologia zein feminismoa gureganatuz, eta bestetik abertzaletasuna eta euskalduntasunaren bidez, etengabeko iraultza daukagu helburu, gizartea etengabe eraldatuz, erdalkeria, pobrezia, bazterkeria, langabezia eta prekaritatea gaindituz.

Nolakotasunean sartuta, antolatu beharra dago, euskalduntze masiboa eta doakoa aldarrikatuz eta udaletan lortuz, alderdi eta sindikatu guztiekin egonez zein proposamenak eta mozioak udal batzarretan aurkeztuz eta ahal direnetan onartaraziz, hemetik goaz lanpostuak sortuz, langabezian dauden euskaldunek hartuz, sareak sortuz, Euskal Herri osoa euskaraz, irauliz.

Hirukien Iraultza ere deitu izan dugu honako lana: Hiruak osotasun mota bat azaltzen duelako: ama, aita eta alaba edo semea. Bai errealitatean zein mundu sinbolikoan.  Hirurik gabeko bi ez dagoelako. Eta bitan oinarrituta hirugarren bat sortzen delako. Batetik ere bigarren bat sortzen delako, eta biotatik hirugarrena. Bat bitan banatzen da eta.

Euskaldunon alderdi politikoa: Euskaldunia

2017. urtean oraindik ez dago euskaldunon, euskaltzaleon, baskoen, abertzale askoren eta bestelako herritar huts askoren indarrak eta botoak euskara hutsez jasoko dituen erakunde politiko edo alderdirik. Guztion esku dago honakoa eraikitzea eta, hauteskundeetara aurkeztekotan, gero, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, EH bai…rekin adostu eta gehiengo haundi lasai bat lortu, doako euskalduntze masiboaren bidean jarriz, gatazka gainditu, eraldaketa soziala gertarazi eta azkenik, herritar gehienek nahi badute, independentzia nazionalerako botoa eman, aurreko baldintzak beteta.    

Euskararik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arraultza baita.

Euskaraz egiten dugun euskaldun euskaltzaleok eratu eta osatutako erakunde politikoaren beharra aldarrikatzen 31 urte daramagun arren… ez gara nekatzen berau abian jarri eta EAJren hedapenaren antzera, garaipenera heldu arte.

Abertzaletasuna sortu eta 123 urtez hedatzen jarraitu ezkero, gizartearen sektore haundi eta zabal bat abertzalea dela aitortzen dugu. Baina boto abertzalea ematen duten 300.000 abertzalek erdaldun jarraitzen du, horietako askok euskararen aldeko lan handia eginda edo diru asko jarrita  ere. Eta abertzale erdaldun guzti horien jarrera historikoak blokatu, lausatu eta moteldu egiten du euskaraz egiten duen herriaren garaipena. Eta praktikan abertzaletasuna, iraultzailea ere, gehien bat erdaldunen menpe bizi da, jatorrizko eztabaida, debate, diskurtso ideologiko gehien gehiena erdaraz (gazteleraz eta frantsesez) egiten baita.

Euskaldunon Erakunde Politikoa, bere garaian Euskaldunia izena hartu zuena edo antzekoaren beharra dugula plazaratzen dugu, horra hor euskaldunok antolatu, eta euskaraz daukagun botere txikia edo haundia erabiltzen hasi, lehenengo erakundea bera abian jarri, gero hauteskundeetara aurkeztu eta lortutako lehenengo kontzejal, alkate edota parlamentarieotatik hasita, euskaldunon legea ezarriz, euskaraz gizartea iraultzatuz.

Hauexek definitzen ditugu beharrezko erakundearen oinarriak:

EUSKALDUNA euskara hutsez funtzionatuz, garen 950.000 euskalduni politikoki erantzuten: Euskalduntasun politikoa.

EUSKALTZALEA euskararen alde politikoki eginez: Euskaltzaletasun politikoa.

NAZIONALA Euskararen Herriaren lurralde guztietan hedatuz.

IRAULTZAILEA euskaraz, ekologiaren bidez, feminismoaren bidez, arma guztiei intsumisioa eginez, euskal nortasunaren alde eginez, abertzaletasuna gureganatuz eta gaindituz… euskalduntze prozesuaren bidezko bake soziala, eraldaketa soziala eta independentzia nazionala burutuz.

HERRITARRA herri bakoitzari dagokion eta dauka(gu)n boterea erabiliz.

Langile Euskaldunon Sindikatua - LES

Garen ia 400.000 langile euskaldunon beharrari erantzungo diona: beharginon eskubideak eta interesak euskaraz aldarrikatuz eta defendatuko dituena:

SINDIKATU EUSKALDUNA, EUSKALTZALEA, NAZIONALA, IRAULTZAILEA

EUSKARAREN SINDIKATUA.

Erakunde politikoaren antzera, langileen egoera eta beharrei egokituta, eta haiek/guk euskaraz sortu, garatu eta zuzenduta. Langile erdaldunek euskara dohainik ikasteko eskubideari eutsiz eta langile euskaldunek beren/gure lana euskaraz egiteko beharra landuz.  

Euskararen Unibertsitatea

Durangoko Landako eraikinaren ezkerraldean eraiki beharreko euskaraz, euskarari buruz eta jakintza guztiei buruzko Unibertsitate Euskalduna: UEU, AEK, Ikastolak, euskal adarretako fakultateekin, zein irakasle eta ikasle/ikaslegaiekin batera.

Lur azpitik: 4-5 pisutako parkina.

0. pisua: Informazioa. Idazkaritza. Irakasleen Batzar Gelak. Paraninfoa. Biltegia. Jantokia. Sindikatuen bulegoak.

KATEDRAK eta ARLOAK

1. pisua: Euskararen Jatorria. Euskal Mitologia. Euskal Toponimia. Munduko Mitologiak eta Erlijio Konparatuen katedrak. Euskal Paleontologia. Euskal Arkeologia. 

2. pisua: Euskararen Bilakaera. Euskalkiak. Euskalgintza. Normalizazioa. Bertsolaritza. Plangintza. Euskalduntzea. Alfabetatzea. Euskal Hizkuntzalaritza. Hizkuntzaren filosofia. Euskaltzaletasunaren Historia. Euskal Nortasuna. Euskalduntasuna. Herritartasuna. Euskararen Irakaskuntza eta Transmisioa. Euskal Izendegigintza. Euskal Deiturategigintza. Euskal Itzulpengintza. Euskal Magisteritza. Euskal Hizkuntzalaritza Iraultzailea.

3. pisua: Sexologia. Ginekologia. Biologia. Geologia. Ekologia. Nekazaritza Ekologikoa. Artzaintza. Abeltzaintza. Feminismoa. Euskal Feminismo Iraultzailea. Arte Ederrak. Diseinu Grafikoa.

4. pisua: Euskal Herriaren Geografia Historikoa eta Gaurkoa. Munduko Herrien Geografia eta Historia. Zientzia Politikoak. Zuzenbidea eta Euskal Zuzenbidea. Konstituzionalismoa eta Euskal Konstituziogintza. Bakegintza eta Bizikidetza. Ekonomia. Enpresen Sorkuntza, Kudeaketa eta Zuzendaritza. Ideologien Bilakaera Munduan eta EHan. Euskal Ingeniaritza Politikoa.

5. pisua: Matematika. Fisika. Kimika. Ingeniaritza. Medikuntza. Osasungintza Alternatiboa. Heziketa Fisikoa.

6. pisua: Teknologia berriak. Bideogintza. Kazetaritza. Irrati Telebista.

Goizeko Izarra eta Euskal Deia: Euskararen egunkaria(k)

950.000 euskaldun inguru gara eta 20.000 ale saltzen dituen egunkari bakarra dugu. Ale bakoitza hiruzpalau lagunek irakurtzen badugu ere, 60-80.000 gara egunero, askotan edo noizean behin BERRIA irakurtzen dugunok. Horrek esan nahi du 870-890.000 euskaldunek ez dutela ez egunero ez inoiz egunkaririk euskaraz irakurtzen. Erdia euskaraz analfabetoak direlako, hau da, euskaraz idazten edota irakurtzen ez dakitelako. Baina beste erdia, euskaraz ere alfabetatuta gaudenon artean, gutxienez beste egunkari bat behar dugu: Bakarra oso gutxi izatearekin batera, ematen duen informazio eta ikuspegi mailarekin konformatu behar gara, besterik ez eukitzean. Bi, -edo hiru- egonda, euskaldungoaren aniztasuna hobeto isladatuko da eta euskara bera gehiago zabalduko da gizartearen beraren beste esparru askotara. Hemetik, beste leku batzuetatik bezala, beharrezko proposamena eginda dago: GOIZEKO IZARRA, EUSKARAREN EGUNKARIA.

Era berean, DEIA egunkari abertzale erdalduna argitaratzen duen enpresari, eskaera publikoa egiten diogu: Egunkari beraren edizio euskaldun bat egunero plazaratzea, Kataluniako La Vanguardia egunkariak egiten duen bezala: katalanerazko eta gaztelerazko edizio bana kioskotaratzen duela.

DEIA irakurtzen dutenen heren bat euskalduna dela kalkulatzen dugu, baina nola atzean dagoen ideologia beraren egunkari bakarra denez, euskalduna den heren horrek ez du orokorrean  BERRIA erosten edo irakurtzen eta ondorioz, euskarak irakurleak galtzen ditu, edo behintzat ez du irabazten. Deia euskaraz ere ateratzeko beste hiru arrazoi gehiago behintzat:

Euskarazko irakurlegoa zabaltzea, hau da euskarazko irakurleen kopurua haunditzea.

DEIAk betetzen duen esparru ideologiko abertzalea euskaratzen eta euskalduntzen laguntzea.

Beste euskaldun askori euskarazko beste egunkari bat gehiago eskeintzea, euskararen herriaren etxeko iraultzan lagunduz, iraultzailea izateko beharrik gabe. Bakar bakarrik irakurleen heren bat euskalduna delako, gure hizkuntzarekin kontsekuente izanik. Eta izenerako proposamena ere doakizue: EUSKAL DEIA

Euskararen telebista

Euskarak ematen du egunero bizpahiru notizia iturri izateko, bestela notizia bilatu behar da eta bertako 950.000 lagun zein kanpoan beste 125.000 euskaldunen artean, milaka pertsona prest gaude ehunka gauza berri esateko, kontatzeko eta askotan notizia interesgarri bilakarazteko: kale, auzo, herri eta eskualdeetan gertatzen diren notiziak eta bitxikeria jakingarriak, TB pedagogiko bat sortuz eta eraikiz, herritarra eta gastu handirik gabe: hiruzpalau kamera eta kameragile, lokal pare bat eta kalea egiteko gogoa, bertan baitago notizia zein euskara bera 16 orduz erakutsi eta irakastearekin batera.

Goizeko 8etatik aurrera euskara ikasteko eta irakasteko telebista ere izan behar da, zerotik hasita goiko mailetaraino pausuz pausuko programak eta emanaldiekin.

Adibidezko ordutegia eta programazioa:

8etan: Goiza eta eguna agurtzearekin batera, estiramendu eta ariketa fisiko errez batzuekin, zehatz eginda eta azalduta, euskara errezean eta ariketekin batera esaldi errez batzuk azalduz eta irakatsiz ere.

9etan: Gosari ezberdinak prestatuz, berauek nola egiten diren azalduz eta osasunerako ongarriak direnak nabarmenduz, adibidez.

10etan: Argazki eta postal batzuk erakutsiz, bertako ezaugarriengatik nongoak edota zein urtarotakoak diren galdetuz, ikusleek denboraz eta patxadaz begiratu eta Euskararen Telebistara deituz ea asmatu duten ala ez konprobatzeko. Asmatu duten lehenengo hirurek euskarazko hiztegi, gramatika edo entziklopedia bat jasoko dute etxean hurrengo astean. 

11etan: Beste talde edo bikote batek euskararen atzizkiak, hauen esanahiak eta adibideak azaltzen ditu modu pedagogiko batez koloreetako papera, kartulina edota errotulkien bidez, irudi sinpleez.

12etan: Besterik gabeko mota guztietako musika jartzen da.

13etan: Entretenitzeko pelikula bat.

14etan: Herrietako kronika, auzo edo eskualdeetako pertsonaia ezagun bati elkarrizketa eginez.

15etan: Notiziategi edo Berritegi Nazionala, EHko eta munduko notiziekin.

16etan: Siesta egiten laguntzeko zeozer lasaia.

17etan: Irudi bizidunak edo marrazki biziak eskola eta ikastoletatik etorri diren ume eta gaztetxoentzat.

18etan: Brikolaia; etxeko horma bat nola pintatu kolore bizi ezberdinez, itokin bat nola tratatu ur gehiago sartu ez dadin, esku lanak, txokoan edo gaztetxean konponketa errez batzuk nola egin… .

19etan: Euskararen aditz jokoa piskanaka piskanaka azaldu modu errez batez, jolasten eta egoerak antzezten.

20etan: EHko eta munduko geografia edo historiazko pasarte interesgarriak erakutsiz, bertako geografia eta historia irakatsiz: euskararen jatorria bera, mitologia, herrietako espiritualitatea, Eskozia, Flandes, Korsika, Okzitania, Maputxeak, Gaskoinia, Ketxuak, Aymarak... bakoitzari buruz zeozer jendearen jakin mina piztuz, oso sakonak izateko beharrik gabe.

21etan: Eguneko notiziak errepasatuz eta astean zehar izandakoetan sakonduz.

22etan: Pelikula erakargarri bat, jarraian ohera joateko lagunduz. Bihar beste egun bat da eta.   

Aurreko guztia kaleko bideogile eta afizionatuekin batera.

Erreza denik ez dugu esan orain arte, bai egingarria eta beharrezkoa, paperezko egunkarietan bezala, euskarazko telebistetan ere euskaldungoaren aniztasuna eta zabalpena islatu daitezen. Euskal Telebistak aspaldion utzi dio Telebista Nazionala izateari, askotan berau piztu edo estatu mailako edozein, eta berdinen aurrean aurkitzen garela konprobatu baitugu askotan. Eta gizarteok aurrera egin behar dugu, aurrera egin nahi dutenekin.

Aurrera Euskararen Telebista berriarekin.    

2018an: Euskara Kongresua eta Bai Euskarari

EUSKARA KONGRESUA  Ostegun arrats batez, ostiralean, larunbatean eta igandean. Agian maiatzean Durangoko Landakon.

Euskaraz mugitzen diren denetariko erakunde, elkarte, instituzio, mugimendu, enpresa, proposamen eta abar. Aldi bereko kongresu txiki ezberdinak: informatikariak eta beste gela batean hizkuntzalariak. Futbolariak eta xake jokalariak. Politikarien kongresua eta ondoko beste gela batean kazetariak. Txistulariak eta barrenadoreak. Txalapartariak eta Bertsolariak. Okupazio mugimendua eta gaztetxeak. Ekologistak eta enpresa ekologikoen kongresua. Terapeutak eta sanatzaileak. Zientzialariak, medikuak, esoterikoak, langabeen asanbladak…

Hitzaldiak, bideo erakustaldiak, artea, artisautza, muralak, proposamenak egiteko buzoiak, esku lan, marrazki, pintura, ilea orrazteko… tailerrak 

Material mota guztietako azoka etengabea. Euskararen gizartearen isla.         Igande goizean konklusioak eta arratsean BAI EUSKARAri erraldoia: musika, pailazoak, espontaneoak, eta

bururatu ahal zaizuen guztia. 20.000 lagun baietz!  

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  123
4
5
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan