BIltzarre

Albisteak

11. Patxi Azparren. Euskal Errepublika abian jartzea: Batzarren Errepublika

2017-12-14

Batzutan historiaren abiadura bizkortzen da eta gertaerak ziztu bizian pasatzen dira. Egun, une horietako batean bizi garela esan genezake.

Batetik, mundu mailan, ARO aldaketa baten baitan murgildurik gaude. Bista da, ez naiz luzatuko horrekin zeharo baieztatuta baitago neurri planetarioan suertatu diren aldaketek gizakia Aro berri batean kokatu dutela. (oharra: esaterako  gai honetan aitzindariak izan diren  bi egile ezagunen lanak, Manuel Castells eta Edgar Morin, egun klasikoak dira)

Bestetik, geurean ere, Euskal Herrian aro berri baten hastapenean gaude. Azkeneko hamarkadetako erreferentzia nagusiak aldatu dira eta aro berriaren jaiotza-prozesua luzatzen ari da. Gertaerak, berriz, esan bezala, abaiadura bizian doaz eta sarritan zailtasun handiak ditugu geure burua kokatzeko.

Aro aldaketetan, aurreko Aroan jaiotakoek arazoak izaten ditugu gure burua berkokatzeko eta Euskal Herriaren kasuan, joera honek arazo dexente sortzen ditu, besteak beste, demografikoki jendarte zaharkitua garelako.

Egoera berrira egokitzeko egin diren hamaika saiakeratan, iragan den mendeko aspaldiko ezagunok topo egin ohi dugu sarritan. Gure erronka nagusienetarikoa da, belaunaldi berriek ardura hartzea eta eurek sorturiko ahalduntze prozesuak askatasunez egiten uztea. Eman behar diren hainbat urrats eman ahal izan daitezen, eragile aktibo izan ginen batzuek ikusle bilakatu behar garela uste dut, arlo batzuetan, behitzat.

Haatik, norberak bere "etxerako lanak" egin behar ditu, bere indarrak ondo neurtu, bere aurreiritzi guztiak berraztertu eta dagoen tokitik zer eman dezakeen ere hausnartu behar du.

BILTZARRE ekimena bultzatzen ari den lagun taldearen zerrenda ikusitakoan, aspaldiko ezagun eta lagun ikusi nituen eta ikusi orduko bi gogoeta izan nituen: 1.goa, lagun talde honek proposatuko duena egoera berrira egokitzeko ahalegin zintzoa izango dela; 2na, ahalegin handi handia egin beharko dela, gehienok iragan den mendeko eragileetan aritutakoak garelako.

Ahalegin horretan, azaroaren jardunaldietarako ekarpen hau egin nahi izan dut, komuneko hausnarketarako tresnetako bat izan daitekeelakoan.  Lau beharretan laburbildu ditut "txapa" arindu aldera.

Askapen mugimendua azkartzeko beharra

Arestian aipatutako aldaketa sakonak direla medio, Euskal Herriko nazio askapen mugimendua azkartzeko beharra dugu. (esan gabe doa, nazio askapenaz ari naizenean une oro eraldaketa sozialaz ere ari naizela). Mundu mailan eman diren aldaketak zein gure testu-inguru hurbilean eman diren aldaketek eszenatoki berri bat sortu dute. Eszenatoki horretan Euskal Herriaren bizi-iraupena kinka larrian dago. Itzuli ezinezko zenbait lerro zehartzeko zorian gabiltza, arlo eta esparru askotan. Muga horiek zeharkatuz gero, Euskal Herria herri burujabe gisa ikusi ahal izatea ezinezkoa izango da.

Indar apurrak ondo bideratzeko beharra

Euskal Herria egun ez da herri indartsua. Luze joko genuke atalez atal egoera aztertuko bagenu, baina zilegi bekit bi nagusi aipatzea:

1- Piramide demografikoa. Euskal Herria oso zaharkituta dago, jendarte guztietan sektore gazteak dira eraldaketa sortzeko ahalmena duen lerro demografikoa. Gure kasuan bi belaunalditan gazteen kopurua erdira jaitsi da. Adibidez, Catalunyarekin alderatuta, adin bereko gazteen kopurua alderatuz gero, zifrak hauek lirateke: 500.000 Catalunyan; 60.000 Euskal Herrian. Gutariko askok ezagutu genuen Euskal Herria gazte hura egun 45-60 urteko multzoan pilatzen da.

 

2- Euskal Herriko jendartea zeharo aldatu da. Gure erreferentzia herritarrak: langileak; nekazariak, arrantzaleak erabat aldatu dira. Euskal Herriko nazio askapenarekin bat egiten duten sektore sozialak nahi genukeen baino askoz kontserbadore bilakatu dira. Horren ondorioz, eta guztion kalterako (besteak beste) PNV sektore sozial berriengana iritsi ahal izan da; eta horren ondorioz ere, beste eragile politiko independentisten mezua ere asko apaldu da. Jon Sarasuak duela 15 bat urte esan zuen" Euskaldunok badugu barne borroka bat, indigena eta burgesa". Tamalez, azkeneko urteetan burgesa garaile dabil.

Esan bezala, nahi genuke, baino ahulago gaude. Gure indarrak ondo erabiltzeko beharra dugu, komuneko esparruak aurkituz, komuneko tresnak sortuz eta batik bat komuneko estrategia bati ekin.

Komuneko estrategia definitzeko beharra

Nora eza garaietan gaudelarik, oraindik euskal talde independentistek ez dute estrategia zehatzik finkatu.

Ez daudenen zain, eta okerrena, sekula etorriko ez direnen zain daude zenbait tokitan eta bitartean historiaren orriak pasatzen doaz.

Komuneko estrategia Espainiar eta frantziar Estatuekiko ETENAN, deskonexioan, aurkituko dugula uste dut. Indarra eta konfiantza emango diguna; gure jardunari koherentzia emango diona eta loaldian dagoen herritar sarea beraktibatuko duena. Soilik gu guztiok protagonistak garela sinesten badugu lanerako grina berreskuratuko dugu.

Komuneko gune koordinatzailea sortzeko beharra

Gure aurreiritzi eta gain-ideologia guztien gainetik, Euskal nazio askapen eta eraldaketa sozialaren aldeko mugimenduak gune koordinatzaile bat behar du. Bertan alderdi eta koalizio politikoak egon behar dira; sindikatua eta herri-mugimenduak.

Aurreko fase historikotik datozen taldeak, zein fase berrian jaiotako talde berriak.

Komuneko gune horrek horizontala izan behar du, gardena, demokratikoa eta partehartzailea.

Tresna koordinatzailea sortzeko eta lanean jartzeko premia handia dugu

Euskal errepublika abian jartzea; estrategia munizipalista. Batzarren errepublika

Herri bakoitzak bere estrategia egoera jakin batera egokitu behar du. Catalunyan herri-mugimendu handi batek aldaketak sortu zituen alderdi politikoetako eliteen borondate eta planen gainetik. Herri mugimenduak, hasieran, eragina izan zuen gertuko politikoengan, udaletan eta ondoren legebiltzarrera iritsi zen. Legebiltzarkideek herritarren horien nahiaren bat egiteko beharra ikusi zutenean, Catalunyako prozesu independentista bizkortu behar izan zuten.

Euskal Herrian, aldiz, egun ez dago herri-mugimendu indartsurik. Sare herritarrak ahuldu dira eta politika tradizionala eszenatoki osoaren jabe egin da.

Behetik gorako estrategia dugu metodorik hoberena benetako aldaketak geratzeko, benetakoa zein epe luzekoak. Euskal Herriari dagokionez, hemen ere behetik gorako prozesu eraldatzaile eta askatzaile baten beharra dugu. Prozesu horrek helmuga (1.go helmuga, dena beti dinamikoa baita) jakin bat aurkitu behar du, gure kasuan Euskal Errepublika.

Euskal Errepublika sortzeko bideak bide eraikitzailea izan behar du eta urrats bakoitza helburu nagusiaren osagarriak bere baitan islatu behar ditu, bidea ere helburu bilaka dadin, bideak helburua definitzen has dezan.

Gure bidea, neurri txiki batean hasita dago, baina hastapen ofizialaren beharra du. "Hito" bat behar dugu Euskal Errepublika eraikitzeko mugimenduak hasiera ofiziala izan dezan. Egia da, zenbait herritan egin diren herri-galdeketetan "Euskal Estatuz" galdetu dela, baina galdera "NAHIEN" esparruan baino ez da kokatu: beste urrats bat behar dugu: "NAHI" horretatik "NAIZ-GARA"ra iragan behar dugu. Euskal Errepublikaren herrikidea NAIZ aldarrikatu beharko genuke hurrengo ekimenetan eta etenari-deskonexioari ekin.

 

Indar-korrelazioari eta gure izaera zein egiturari erreparatuz gero, udalerrietan oinarritutako estrategia eraginkorrena izan daitekeela ematen du.  Historiaren azkeneko urteetan hiru eremu administratibo sortu dira eta egia da hiru eremu administratiboetan ere borrokatu behar dela, egunerokotasunean ematen diren arazo praktiko asko hortik bideratzen direlako. Baina , modu berean, hiru eremu horiek gaindituko dituzten ekimenak ere guztiz beharrezkoak dira errealitatea eraldatzeko. Ikuspegi horretatik estrategia munizipalistak muga asko gainditzeko modua izan daitekeela ematen du.

Konfederazioa. Duela gutxi zenbait eragilek Euskal Errepublika errepublika konfederal gisa aurreikusten dutela esan dute. Asko poztu ninduen berkokapen horrek, aspalditik zenbait sektoretan Euskal Herriko izaera konfederala aldarrikatu baitugu. Izaera konfederala historikoa, politikoa, soziokulturala...Hortaz, norabide onean emandako urrats bat eman dutelakoan nago, Euskal Herri osoa elkar lezakeen Estatua demokrazia erradikalean oinarritutako konfederazioa da eta.

Oharra: hona bi artikulu: http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/batzarren-errepublika:

http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/la-euskal-herria-independiente-y-confederal

Herri ahaldundua behar dugu: Mota guztietako taldeak beharrezkoak dira, alderdiak, sindikatuak, jendarte-mugimenduak eta batik bat, herriz herri antolatutako herritar informatuak, askeak eta aktiboak.

Aipatutako "hito" horren beharra dugu, laster, azkar, sendo. Lana ondo eginez gero, Euskal Herriak ere bat egingo du Catalunya egiten ari den saiakerarekin.

Laburbilduz, nire ustez bi dira eman beharreko urrats zehatzak:

1- Euskal Errepublikaren aldeko talde guztien koordinakundea

2- Etenaren hasiera izango den "hitoari" ekitea.

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  123
4
5
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan