BIltzarre

Albisteak

14. Haitz Karakuel Otsoa Aspuruko (ANC Euskal Herriaren kidea). ANC eta biok

2017-12-28

Duela hiruzpalau urte jada pil-pilean zegoen Kataluniako "procés" delakoa. Hurbiletik jarraitzeko nire informazio-iturri nagusia Vilaweb komunikabide digital katalana zen. Guztiz komunikabide partziala (independentziaren aldekoa) eta zorrotza. Bere zuzendari valentziar Vicent Partalen editorialak independentista askorentzako inspirazio eta hausnarketarako gaia dira. Berrian Martxelo Otamendirekin batera igande oro argitaratzen dituen "Enbaxada Bila" izeneko artikulu bikoteek Vilaweben katalanerazko bertsioa dute "Cartes Creuades" izenpean.

Procésarekiko interesak eta unibertsitatean ikasiriko katalan apurra hobetzeko gogoak Vilaweben egun oroko irakurle egin ninduten. Halako batean zurrumurru baten berri jakinarazi zigun gero eta geldiezinago zirudien independentismoaren zurrunbiloaren erdian: estatuak Assemblea Nacional de Catalunya legez kanpo jarri nahi zuen eta, asmo horri aurre egiteko, erakunde horretan izen emate masiboa egitea proposatzen zuten. ANCek partaidetza mota batzuk eskaintzen ditu, eta bat "simpatitzant" da, dirua eman gabe eta boza emateko eskubiderik gabe. Ene elkartasuna azaltzeko egokia.

Handik egun gutxira mezu bat jaso nuen: sortu berria zen ANC-Euskal Herriak bere bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen zidan. Niretzat ezustekoa zen, ez nekien Printzerritik kanpo talderik zegoenik, baina hala zen. ANCek kontinente guztietan ditu taldeak. Estatu espainolean hiru daude Kataluniatik kanpo: Euskal Herrian, Galizian eta Madrilen. Valentziar Herrialdean eta Balear Uharteetan berezko talde soberanistak daude.

Baietz erantzun nien, eta harez gero ene laguntza txikitxoa eskaini diet. Trukean katalanez hitz egiteko aukera ugari izan ditut, eta horrek eragin positiboa izan du ene hitz egiteko gaitasunean.

Zergatik sartu naizen saltsa honetan

Zalantzarik gabe Kataluniako prozesua da 1978ko erregimena amildegitik hurbilen jarri duen gertakari politikoa. Eta horretan protagonismo nabarmena izan du ANCek. Era berean ANC herritik sortua da, herri independentistaren isla da.

Alderdi espainolen argumentazioa da prozesua elite batzuk beren interes ilunak ezkutatzeko maniobra dela. Argi dago hori atsegin ez duten errealitatea ukatzeko tranpa bat baino ez dela. Izan ere duela urte gutxi independentistak gutxiengo txikia ziren Katalunian. Alderdi independentista nagusiak Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) eta Candidatures d'Unitat Popular (CUP) ziren. Lehenak nekez gainditzen zituen hauteskundeetan botoen ehuneko bost, eta bigarrena udal politikan baino ez zen ari izaten. Printzerrian nagusi ziren CiU alderdi nazionalista-erregionalista, posibilista eta "pragmatikoa", ustelkerian goraino sartua, eta PSC, espainola izan arren PSOEren beste filialak baino sentikortasun handixeagoa zuena bertako kulturarekiko, alderdiaren sektore batzutan behinik behin.

Panorama erabat aldatu da, eta egun independentistak nagusi dira Katalunian. Lehengo independentistak Herrialde Katalanen iraupen kultural eta linguistikoa zuten helburu nagusiki. Egun, arrazoi horiei garrantziarik kendu gabe, beste bat aipatzen da gero eta gehiago: ekonomikoki galbide da Espainaren menpe izatea. Izan ere Ernest Maragallek (Pasqual Maragall Bartzelonako alkate izandakoaren anaia eta, bera bezala, PSCko kide izandakoa) Bilbon eman zuen hitzaldi batean honela laburbiltzen zuen Kataluniako aldaketa: orain urte batzuk arte Katalunia eta Espainiaren arteko harreman ekonomikoetan alde biek irabazten zuten. Orain ez.

Adiskide bat daukat, Penedesko nekazaria, mahastietatik bizi dena. Berak mahatsak batzen ditu, eta kide den kooperatibak ardoa egiten du. Kataluniako cavaren aurkako boikota hasi zenean kezkati ikusi nuen: boikota eragina izaten ari zen eta gutxiago saltzen zuten. Extremadurako cavagileak pozik, Kataluniakoak kopetilun. Handik urte batzutara berriro galdetu nion, eta baikor ikusi nuen: "lehen geure ekoizpenaren %80 Espainian saltzen genuen, eta %20 Espainiatik kanpo. Orain Espainian %20 eta kanpoan %80. Lehen bihotzak esaten zidan Kataluniak independentzia behar zuela. Orain buruak ere bai".

Ez dakit zein punturaino, baina susmoa dut humiliazio kolektiboaren sentipenak ere lagundu duela independentismoaren aldekoak gehiago izaten. Alfonso Guerraren "garloparen" anekdota eta estatutu berriaren istorio tristeak ere bai.

Honek guztiak Europan aspalditik ikusi gabeko herri-mobilizazio gaitzak eragin zituen, miloi bat inguruko manifestariak kalean jarriz. Mobilizazio hauek bideratzen ANC zegoen. Eta alderdiak erne. Ordura arte independentistak zirenak  aurrera egiteko argudioak eta arrazoiak janzten, eta epelak zirenak ziaboga egiten: CiU banandu, Unió zulora, eta Convergencia, lastre asko botata, alderdi independentista bihurtu. Argi dago ez dutela eliteek jendea engainatu. Herria da eztanda egin duena eta epelak bere ildotik joaten behartu. Eta herriaren mobilizazio masiboa da prozesuak aurrera egiteko bermerik nagusia.

Prozesua luzatzen ari da. ANCen sartu baino lehen estelada bat erosi nion Assembleari. Propagandan zera zioten: material oso gogorraz eginik dago. Independentziaren egunera arte irauteko beste (estelada borroka-bandera baita, independentzia lortu eta gero gorde egingo dena). Tira, ordutik hona hiru bandera erosi behar izan ditut balkoian jartzeko, euskal kostako klimak lehen biak suntsitu egin baititu. Prozesua luzatzen ari da bere eragileek uste eta nahi zutena baino gehiago. Batzutan beren akatsengatik, beste batzutan alderdien arteko ika-mikengatik eta aspaldion Espainiaren erresistentziagatik, eta zaila da gizartean holako tentsioari eustea. Baina hala ere mobilizazio ahalmenak bere horretan dirau, eta azken hileetako urratsak erabakigarriak izan dira: lehen aldiz herriak, multzo oso handietan, aurre egin behar izan dio poliziaren bortizkeriaren erabilpen masiboari independentziarako erreferenduma konbokatu zenean. Erreferenduma irabazi zen eta Errepublika aldarrikatu zen. Egia da Kataluniako gobernua ez dela aldarrikapena materializatzeko gauza izan, baina apurka-apurka Europan tentsioak sortzen ari dira. Egia da ere Europak ez diela katalanei ezer ere oparituko, baina haiei ere ez zaie holako gatazka-gune bat Europa erdian izatea interesatzen, eta uneren batean Espainiako gobernuari negoziatzea eskatuko diote.

Nik itxaropena dut aurrera egiteko behar den herri-masa kritikoa gainditu ez ezik hazten jarraitzen duelako. Independentistak motibaturik daude eta lanerako prest. Eta ANC tresna garrantzitsua izan da prozesu horretan. Horregatik laguntzen diot ANCri. Eta nazioarteko elkartasunagatik. Eta,euskaldun bezala, zurrunbilo horren atzetik agian inertzia zerbait lortuko dugulako.

 

 

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  123
4
5
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan