BIltzarre

Albisteak

26. Joseba Mintegi Eskisabel (Euskeraren Jatorria): Tematzen garelako gara, tematuko direlako izango dira

2018-02-19

Gure bizitzako atal guzti guztiak kolonizatuta dauzkagun honetan, asko dira horren kontzientziarik ez dutenak. Gizartea ordea, bere arlo guztietan kolonizatuta daukate, ezinbestean, geurea bezalako herri batean. Helduok, jasotzen ditugun mezu gehienak kolonizazio hori ziurtatzera zuzenduta daude. Helduon bizimodua txip horretan heltzen zaigu eta bonbardaketa hori saihestea zaila da horratik, ia ezinezkoa. Kontzientzia lan handia eskatzen du guzti horri aurre egiteak.

Baina, hala ere,  arazoaren funtsa ez dago hor. Gu guztion kontzientzia, hein handiagoan ala txikiagoan kolonizatuta dagoen artean, borrokaren fokua eskoletan dago. Eskoletan gure seme alaben kontzientzia garbienganako atakea burutzen dute, haiek, gizartea osatzen dugun gainerakoon bidetik jartzeko asmotan eta zeregin horretan oinarrizko bi esparrutan hasten dute kolonizazioa; HIZKUNTZAn eta HISTORIAn.

Bai, ikasgai horietan hasten dira kolonizazioaren oinarriak jartzen. Hizkuntzan, batetik, gezurrezko hizkuntza ereduak ezarriz eta historian, bestetik, gezurrezko historia irakatsaraziz. Gure seme alaben, ikasleen testu liburuak dira kolonizazio horren abiapuntu. Eta berdin da argitaletxearen jatorria. Etxekoak bertakoak ere lan horretan dihardute. Urrutira jo gabe, Elkarrek, bere Txanela liburuetan politika horren apologia egiten duelarik.

Kolonizazio honen kontrako borrokan Euskeraren Jatorria taldeak 2004. urtetik hona, urtez urte dakarren borroka ulertu beharreko gakoa da, gure herriak bizi duen errealitateaz jabetu nahi baldin badugu. Harez gero eta harez geroztik urtero egin ditugun ohiko biltzarretan, jada 11, eta ezohikoetan, beste sei, gure herriaren kontra, gure historiaren kontra eta gure hizkuntzaren kontra daramaten borroka hori agerian utzi nahi izan dugu behin eta berriz.

Borroka horren lekuko nagusienak honakoak dira: Iruña-Beleia, Iberiera, Euskara berantiarra, Hizkuntzaren funtsak.

Iruña-Beleiari dagokionez, esan, 2008ko azaroaren 19an, bihar 9 urte, Eliseo Gilen eta bere lantaldearen Lurmen enpresa, Aldundiak kanporatu zuenetik datorren gatazka honetan gorabehera asko dago, mutur asko, guk dioguna defendatzen dutenak. Eta dena bilakatzen da korapilatsu estamentuek erein dituzten gezurren ondorioz. Baina bada funtsezkoa den eta lizundu ezinezkoa den mutur bat (gutxienez). Justiziak, benetan botere independentea balitz, eta hor dago gakoa, bere lana egin beharko luke eta denak bat etorriko gara inori deliturik egoztekotan frogak hartu behar direla kontutan.

Ordea, Eliseo Gili eta berak zuzendutako taldeari egozten dizkieten delituetarako ez da frogarik, bat bakarrik ere aurkeztu. Frogarik diot, froga arkeologikorik. Izan ere, uka ezina denez, arkeologia zientzia bat da eta zientzia denetik, baditu bere bideak aurkikuntza arkeologikoak benetakoak diren ala ez egiaztatzeko.

Bada, justizia honek ez dio aitortu nahi arkeologiari bere zientzia kualitatea eta baztertu egiten ditu aurkikuntza arkeologikoak egiaztatzeko erabili ohi diren datazioak egiteko teknikak. Hala, Iruña-Beleian aurkitutako ostrakek, gaur, datatu gabe jarraitzen dute, eta, beraz, ez daukagu frogarik, bat bakarrik ere, Eliseori eta bere taldeari egotzitako delituak benetakoak diren aitortzeko.

Eta zergatik? Erraza litzateke eta aferak aspaldi beharko luke argituta egon, baldin eta hori, datazioak alegia, lehenengotik egin izan balira. Baina ez. Ezezkotan daude tematuta. Gu ordea baiezkotan gaude, zuhurtziaz, sinestuta gaudelako hori dela bide bakarra. Egia jakiteko ezin bestekoak dira datazio arkeometrikoak. Hori gabe, baten eta bestearen ahotan dauden hitzak baina ez ditugu, eta nori eman sinesgarritasuna? Horiek al dira justiziak erabili behar dituen frogak?

Badugu, baina, beste fronterik. Bestetik, iberieraren gaia dugu esku artean. Iberiar penintsulan nahiz Akitanian hitz egin zen hizkuntza honen aztarnak ugariak dira eta baita horiek aztertzen dirauten lagunak ere. Baina Espainiako unibertsitateek ez dute hizkuntza hori aztertzeko katedra bakar bat ere sortu.

Humboldtek, Berlingo Unibertsitatearen sortzaile eta Alemaniako irakaskuntzaren birmoldatzaile izan zenak, orain bi mende zioen bezala euskara eta iberiera lotuta daude. Baina egungo Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalari ospetsuenek ukatu egiten dute inolako loturarik badagoenik. Horren lekuko iberierazko zenbakiak behinik behin: ban, bi/bin, irur, laur, borste/bors, sei, sisbi, sorse...

Guk, jada, hiru ezohiko biltzar eginak ditugu iberieraren haritik.

Hirugarren gakotzat euskera berantiarraren kontua. Guri, tamaina honetako astakeriari toki ematen dietenen ardura eskatzea baino, ez zaigu geratzen. EITBk dirutza eman dio Francoren garaikoa den eta ez hanka ez buru ez duen asmo txarreko eta gezurrezko teoria horri. Eta dirutza ez ezik bidea eman dio bere programazioan hedapen izan dezan. Sail bereko historiari buruzko hainbat dokumentalei ere harrera berbera egin diete, beti ere irabazle izan direnen bertsioak nabarmenduz eta geureak beharko luketenak bazter utziz.

Azkenik, gure hizkuntzaren funtsak hor daude. Iberiar penintsulan ez ezik, Europa mendebaldean bakarrik ez eta planeta osoan ditugu aztarnak. Ikertu egin beharko lirateke eta erantzun serio bat eman. "Ur" erroa milaka ibaietan dago, "iz" erroa ez da atzera geratzen. Sinestezina bada ere, bertakoak ez eta kanpoko hizkuntzalariak (Theo Vennemann) etorri behar dira, guri, hori berrestea. Bertako unibertsitateak isilik.

Guzti honek erakusten digu Espainiako estatuak baduela asmo txarrik euskerari eta euskal historiari dagokionean eta okerrena da, asmo txar horiei bide emateko bertako morroiak dituela prest, Euskal Herriko Unibertsitatea, EITB… Guri egoera salatzea baino ez zaigu geratzen. Eta temati jarraitzea, begiak eta belarriak erne, hurrengo erasoari, nondik datorren, erantzuna emateko.

Honen aurrean ikerketa eta hedapena behar ditugu, batez ere. Ikerketan, toponimo bilatzaileak, erroen ezaugarri fisikoak ezagutzeko aplikazioak (informazio geografikoko sistemak), erroen agerpen maiztasun estatistikoak, etab.

Bestetik, iberiera ikertzea ezinbestekoa da, antzekoak izanik eta 5.000 testu egonda, itzeleko aurrerapena litzateke euskerarako.

Azkenik, Iruña-Beleia argitu beharra dago, eta argitu diogunean esparru arkeologikoari begira gaude. Ondotik etorriko dira hizkuntzalaritzan esan beharrekoak, eta ez alderantziz.

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  12
3
45
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan