BIltzarre

Albisteak

27. Idoia Arrieta (Historia irakaslea). Paradoxak: Hiribilduak eta Mendeurrenak

2018-02-25

 

 

Hitzaldiaren nondik norakoak

Gogoetarako deia egin digute eta nik komunikazio honekin hiribilduen eta mendeurrenen inguruan hausnarketa bat bideratu nahi dut eta aldaketa bat posible ote den eztabaidatu.

Aurretik Nafarroak sortu zituen hiribildu batzuek Gaztelaren menpe geratu ondoren berriro hiri-gutuna jaso zituzten. Eta orain, 700 urte pasatu ondoren, Gaztelarena gogoratzea eta ez aurreko egoera aztertu beharreko gaia da.  Honako hau Bilbon, Getarian eta beste hiri batzutan ikusten ari gara.

Galdera hauek erantzuten saiatuko naiz: Zein da historiaren funtzioa? Ze ezkutatzen dute mendeurrenak?

Hasiera

Bitxia bada ere, gehienentzat historia, herritarren formaziorako elementu garrantzitsu bat da, kulturaren oinarrietako bat.

Historia herri kulturaren edozein agerraldietarako erabiltzen da. Edozein festatan, turismo ibilbidetan, parke tematikotan, guztietan historiaren osagairen bat bildu nahi izaten da. Erakustaldiak, nobelak, kontsola jokuak… arrakasta handia dute, denak iraganean murgiltzen dira. Historiak interesa dauka, dibertigarria da, emozionatzen du… Erabilia, manipulatua, asmatua, desitxuratua, birsortua, ukatua...historia beti aurrean dago. Bizirik dago beraz.

Alabaina, gure historia eraiki eta irakatsi nahian ibili garenok, askotan somatu izan dugu gertaera historikoak interes batzuren arabera moldatzen direla. Ideologizatutako saihesbide batetik etorri zaizkigula. Oharkabean egiten badira ere mundu sinboliko bat aktibatzen dute eta eragina du gurean.

Prozedura erraza da: iturrietako elementu batzuk aukeratuz eta beste batzuk baztertuz. Horrela fabrikatuko dugu nahi dugun adierazpen historikoa. Gainera, urruti kokatzen diren denbora historiko horietako aipamenak, gerora, egiazkotzat hartzen dira. Topikoa bada ere historia, irabazleek idazten dute eta transmisioa trobadore, eskuizkribu, inprenta, unibertsitate edo komunikazio sateliteen bitartez iritsi zaigu.

Historia justifikatzaile handia izan daiteke, koartada handia izan daiteke, dena adierazten duena, dena justifikatu ahal duena, edo dena desitxuratzen duena.

Mende bakoitzak bere historiografia uzten du eta mendeetan zehar zabaldu denak eragina izan du gurean eta kalte handia egin dio. Frantzia eta Espainiaren asmo bateratzaileak beste neurri batzuen artean historiografiaren bidezko eraso ideologikoa burutzeko bidea ere zabaldu zuten.

Herri pertzepzioa ez da osatzen agiri garrantzitsuak eskuragarri ez izateagatik, kontrara, oso ideologizatutako eta aldaezina den diskurtso bat legitimatu delako baizik.

Mendeurrenen solasa tradizio historikoan oinarritzen da  eta intelektualki aukera ideologiko konkretu bat legitimatu egiten du,  justifikatu egiten du.

Egin behar dugun galdera zera da: Zein da mendeurrenaren helburua? Zertarako ospatu behar dugu? Batzutan ez al dugu mendeurrenetan ezkutuko dinamika ikusten? Hori da galdera.

Mendeurrenaren arazoa ez da testuingurutik kanpo eskaintzen den begirada baizik orokorrean proiektatu nahi duen ikuspegia, batzutan subjektu politikoa ukatuz.

Zalantzarik gabe, muga sozioespaziala eta soziokulturala euskal lurraldeetako ezaugarri bat zen. Soziokulturalki berdina den herri bat Nafarroaren monarkia feudalaren inguruan txertatu zen. Gerora, jakina, bi estatuen artean banatuta geratu zen euskararen herria.

Mendeurrenak ikuspegi bat sendotzeko edo kontsolidatzeko lehen mailako kultur transmisoreak ezin hobeak dira.

Hiribilduak

Ustez, testuinguru politikoa eta soziala ez da nahiko esplikatzen: Egun ospatzen ditugun hiribilduen mendeurrenak, adibide. Horiek konkistaren testuinguruan kokatu behar ditugu eta ondorengo  gerra zibiletan.

Ba ote zegoen beste herririk edo jende multzo antolaturik, harresitua egon ala ez, gaztelarrek etorri aurretik?

Antzina-antzinatik ezagutzen da eten gabeko populazioa egon dela itsasaldean eta barrualdearekin komunikatuta zeuden. Bide-sareak zeuden: transhumantzia garaian; erromatarren aldian, Jakue bideak Erdi Aroan; eta itsasoz portu sare bat antolatuta kabotaiaren bitartez komunikatzeko.

Asturiaseko Alfontso I.ak (739-757) bere kronikan dio Araba, Aiala, Urduña, eta Bizkaia beti izan zirela populatuak beraien populazio propioarekin, lurraldearen deskribapena ere egiten du eta demografikoki sendoa eta asentamendu iraunkorrez osatuta zegoela zioen.

Goi Erdi Aro osoan etenik gabe gauzatu ziren merkataritza trukaketak. Nafarroako erresumak lurraldean zituen salgaiak birbanatzeko kanalak sortu zituen (edo lehendik zeudenak aprobetxatu).

Erromatar inperioaren gainbeheraren ondoren, kostaldeko jendeak arriskuan bizi ziren: barbaroen erasoaldiak, arabiar ontzien sarraldiak, normandoak… kostaldean arriskua nonahi sor zitekeen eta litekeena da itsas merkataritza asko murriztea. Hala ere, ez zen erabat galdu.

XI. mendean herri ezberdinen inbasioak amaitu zirenean, merkataritzaren susperraldia gauzatu zen. Europa osoan hiribilduak sortzen hasi ziren eta gauza bera egin zuten errege nafarrek.

Interesatzen zaigun garairako hiribilduen sorrera eta garapenari buruzkoak Coleccion de Documentos medievales de las villas Guipuzkoanas bilduman argi azaltzen dira Nafarroako erregearen fundazioak, baina historialari batzuk (ustez, XVI. mendeko Esteban de Garibairen testuan oinarrituz) kostaldeko hainbat herriri errege gaztelauak hiribildu titulua eman ziela diote, beraien ildo propioa sortuz eta arrakasta lortuz. Hain zuzen, azken tendentzia hori jarraituz herri batzuk data faltsuan (zenbaki-aldatzeak ez dio inolako nobedaderik ematen) kontua, ordea, besterik da, iraganean ez zegokion espazioen barruan, gaztelarrenean  hain juxtu, haien mendeurrenak ospatu dituztela. Axolagabekeri horrek, beharbada ez zuen garrantzirik izango ildo horrek errealitate politiko bat ezkutatuko ez  balu.

Alabaina, harresituta egon ala ez, hiribildua izan ala ez Gaztelauak konkistatu aurretik gune populatuak guztiz antolatuak zeuden Euskal Herrian.

Mendebaldeko nafarraren konkista ekimen neurtua, hausnartua eta sistematikoki burutua izan zen Gaztelaren aldetik.

Nafarroako Erresuma potentzia ekonomiko handia zen nazioarteko merkataritzan. Nafar erresumak jarduera oparoa izan zuen itsasoaren bidez. Burdina, lanabesak, ardoa, zerealak eta beste elikagaiak esportatzen zituen; ekarri, berriz, batez ere ehungintzarekin lortutakoak ekartzen ziren. Europako portuak eta Britainiako hegoaldekoaz gain, itsasontzi nafarrak Penintsulari itzulia eginez Mediterraneora sartu eta zeharkatu egiten zuten. Balea eta balearen industriaren inguruko jarduerak ere oso garatuak zituen. Nafarroako merkataritza Baskoniako itsas isurialdeko kai garrantzitsuenetatik ateratzen ziren: Baiona, Lohizune, Donostia, Getaria, Mutriku, Bermeo eta Bilbotik besteak beste.

1150 eta 1180. urteen inguruan Nafarroako erregeak, Antso jakitunak Donostiari hiribildu titulua eman zion. Merkataritza oso garatua zegoen ordurako eta San Sebastian izeneko hiribildu-forua eman zion, itsas merkataritzarako kapitulu bereziak zituena. Aipatu San Sebastian izeneko forua Europako itsas zuzenbidearen historiako lehenengo legedia ez bada, oso aurreratua zen.

Gaztelaren konkistak Nafarroako erresumaren bilakaera ekonomikoa kolpetik eten zuen eta Gaztelak itsasorako irteera lortu zuen. Gainera, muga artifizial bat sortu zen herri berekoa zen jendearen artean, Nafarroa eta Gipuzkoaren artean; eta muga horretan hiribilduak fundatu eta gotortu zituen gaztelauak, estrategia militar bati aurre eginez. Muga horrek liskarrak sortu zituen, aurretik ez zegoenen artean “gaizkileen mugako liskarrak” bezala ezagutu izan ziren istilu haiek. Ondorioz, landa lurretako nobleak bi leinuren inguruan bildu ziren: ganboatarrak eta Oinaztarrak bezala ezagutzen ditugunak.

Testuinguru honetan kokatu behar ditugu Gaztelak fundatutako hiribilduak.

Amaitzeko: historiaren helburua

Historia zientifikoa krisian dagoen garai honetan historia irakasleen funtzio berri bat gailentzen ari dela esango nuke: oraina ezberdin bat ulertzen laguntzea.

Historiaren begiradaz denbora ez da pasatzen den zerbait, baizik bizirik dagoen barne ikuspegi bat da. Berriro historia berreraikitzeko aukera eskura jarri zaigu. Eta galdetu beharko genioke ea lehengo oinarri berekin ekin behar al diogun. Edo ez ote dugun bestelako biderik pentsatu behar gure historia lantzeko.

Ez badugu iraganaren ikuspegia edo transmititu diguten baloreak aldatzen etorkizuna ez dugu aldatuko. Historiaren errelatuan gauza asko aldatu behar dira, baina besteak beste, identitatea eta herri bateko partaide izatearen zentzu kolektiboa berreskuratu behar dugu.

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  12
3
45
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan