BIltzarre

Albisteak

Larunbatean Whatsapp eta Telegramen euskera gehiago erabiltzeko foroa

2020-05-13

Whatsapp eta Telegram euskera alde ala kontra?

Biltzarre oso kezkatuta dago azken urteotan bi medio hauek gure hizkuntzaren aurka bihurtzen ari direla ikusita: “gehiengoaren izenean” gure hizkuntza etengabe baztertzen da, euskerazko eduki gutxi sortzen da, jendeak erderazko gauzak kontrol barik zabaltzen ditu, etab.

Koronabisuragatiko itxialdian gehiago erabiltzen ari dira gainera eta horregatik, www.biltzarre.eus foroaren bidez, gai honi buruzko talde gogoeta bat egingo dugu.

Horretarako maiatzaren 16an, larunbatez, 10:00etatik 12:00etara gai hau aztertuko dugu Foroaren bidez, denon artean testu bateratu bat osatzeko asmoz.

Parte hartzeko bidali zure izena edota proposamena biltzarre@biltzarre.eus-era eta esango dizugu nola hartu parte.

Biltzarre
Komunikazio Lantaldea

Orain arte jasotako proposamenak

A. Proposamena

Bi medio hauek euskaldunak elkar komunikatzeko tresna garrantzitsu bihurtu dira baina baita, gaztelera eta frantsesa izugarri zabaltzeko bideak ere.

Abertzaleok zer egin ahal dugu gure hizkuntza errespetarazteko?

a) Norberak jaso eta bidaltzen dituen mezuak

  • Mezuak bidaltzean. Mezuak idazterakoan ez dago euskaldunentzat euskeraz eta erdaldunentzat erderaz bidaltzeko arazorik. Gaur egun itzultzaile neuronalarekin azkar itzultzen dira testuak erderara, eta ez da euskaldunei erderaz bidaltzea komeni. Gainera, whatsapp eta telegram ordenagailuaren bidez erabiltzen baditugu, erredakzio eta itzulpen lana hizkuntza batean baino gehiagotan oso arin egiten da.
  • Mezuak berbidaltzean. Nazio ikuspegia kontuan hartu eta zure ezagun euskaldunei, jasotzen dituzun mezuekin iragazki bat egin eta mezuen erdia baino gehiago ez bidali erdera hutsez. Edo beste ehuneko bat jarri baina, mesedez, ez dadila %70, %80, %90… izan, bestela zure kontaktu euskaldunak espainiartzat bihurtzen laguntzen duzu.

Berbidaltzen duzun mezua zerbaiten parte hartzeko bada (zerbait izenpetu, hitzaldi edo manifestazio batean parte hartu…) begiratu eta Euskal Herrian egitekoa bada eta mezua (kartela, testua, bideoa…) erdera hutsean badago horiek ez zabaltzea eskatzen dizugu, euskaldunoi elkartasuna eskatzekotan, gutxienez, gure hizkuntzan egon dadila. Bidali dizunari modu onez horrelako zerbait esan ahal zaio: “Eskerrik asko baina berbidaltzeko euskeraz baduzu? Egon beharko da ezta?” edo antzeko zerbait.

Nazio iragazkia ere jarri daiteke. Kontuan izan ere espainiarren edo frantziarren arazoak garrantzitsuak direla haientzat baina guretzat hemengoak izan beharko lirateke. Ondo bereiztu beharra dago, bestela euskalnafar kontzientzia galtzen dugu eta espainiar-frantziarra zabaltzen.

  • Mezuak jasotzean. Zure kontaktu euskaldunek mezu asko erderaz bidaltzen badizute zerbait esan ahal diezu, maitekiro baina zure ikuspegia eta jarrera azalduta: eskertzen diozula baina mesedez erditik (….) gora erderaz bidaltzea zure hizkuntza erabileraren aurka doala… edo egoki ikusten duzuna.

b) Talde batetik jaso eta taldera bidaltzen diren mezuak

  • Talde motak. Whatsapp-Telegram talde bat sortzen denean, gure hizkuntzari dagokionez irizpide argia jartzea  komenigarria da, adibidez ea talde euskalduna, mistoa ala erdalduna/euskalduna izango den.
  • Talde euskaldunean euskaldunek mezuak euskeraz bidaltzeko konpromisoa hartuko lukete eta gure hizkuntzarako gutxieneko ehuneko bat jarri beharko litzateke, adibidez %66.... Eta moderatzaileak irizpide hauek zaindu behar ditu.
  • Talde mistoetan erdaldunak egon daitezke (%30 gehienez adibidez) eta hor euskaldunek euskeraz eta erdaldunek erderaz bidali ahal dituzte mezuak, euskaldunek erderara pasatu gabe. Erdaldunek ulertzeko ahalegina egin behar dute eta zerbait ez ulertzekotan itzulpena eskatu. Hor ere gure hizkuntzan gutxienez %50 inguru bidaltzea jarri daiteke irizpide gisa.
  • Talde bikoitzak: euskaldunak eta erdaldunak. Erdaldunen kopurua handia bada (guraso talde bat…), bi talde egin daitezke: euskaldunena eta guztiena. Euskaldunen artean euskaraz bidali daitezke mezuak eta denontzat denean mezu garrantzitsuak elebidunak bidal daitezke.

c) Komunikabide hauek egoki erabiltzeko bestelako gomendioak

  • Taldea zein gairako sortu den argi eduki eta saiatu bestelako gaiak ez sartzen. Batez ere, ez sartu eztabaida antzuak sor ditzaketen bestelako gaiak, edo jendearekin zuzenean sartu. Testu laburrak, zehatzak… hobetsi eta ez idatzi aurpegira esango ez zenukeena. Gauzak bidali baino lehen berrirakurri ea ondo ulertzen den, pentsatu besteengan.
  • Denok ez daukagu denbora berdina. Bidali gauza ahalik eta garrantzitsuenak eta laburrenak.
  • Esaten diren gauza guztiei ez da zertan txaloekin, emotikonekin edo antzeko esaldiekin erantzun behar. Beharrezkoa bada, mezua igorri duenari zuzenean txaloa bidali ahal diozu.
  • Taldeak ez dira eztabaida handietarako edo bi pertsonen arteko hika-mikak ikusteko, informazio edo kontu laburrak emateko, baizik. Bi pertsonen arteko elkarrizketak taldetik kanpo egin, haien artean soilik.
  • Moderatzailea oso garrantzitsua da eta taldearen helburua eta arauak errespetarazi behar ditu.
  • Taldea sortu duenak ez gehitu inor taldean besteekin kontrastatu gabe baina taldean parte hartzeko irizpide argia badago ez da galdetu behar irizpide hori betez gero.
  • Irudi eta bideo astunak edo bideo multzo bat bidali baino lehen pentsatu ea merezi duen. Denek ez dute gaitasun handiko telefono berririk.

 

B proposamena

Nik proposamen zehatz bat, whatsapen bidez gure lagunei bidaltzeko. Asmoa litzateke ahalik eta jende gehiengana iristea mezu hori, Euskal Herriko euskaltzale eta abertzaleen artean zabaltzea.....Ni kokoteraino nago abertzale erdaldunekin, eta haiek bidali dizkidaten erdarazko mezuekin.

Hau da proposatzen dudan testua (moldaketak/zuzenketak onartzen dituena):

Konfinamenduaren garaian ugari dira euskaldunok whatsapean jasotzen ditugun mezuak, loturak eta albisteak. Gehienak erdaraz. Horren aurrean, euskaltzale eta abertzale batzuek mezu honen bitartez gure lagunei eskatu nahi diegu ez bidaltzeko guri erdarazko loturak, bideoak edo albisteak. Euskaraz bizi nahi dugulako. Gure ustez, edozein abertzaleren lehenengo araua gure hizkuntza nazionala lehenestea izan beharko litzatekeelako. Mezu honekin bat egiten baldin baduzu, mesedez zabaldu zure lagunen artean. Guri, euskaraz.

 


 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 maiatza hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
  12345
67891011
12
13141516171819
20212223242526
2728293031  

Azken Albisteak

Abstentzioa noren alde? ¿A quién favorece la abstención?
(abajo en castellano) Abstentzioak une honetan noren alde egiten du? https://izanauzokrazia.eus/abstentzioa/ Hauteskundeak heltzen direnean bakoitzak jarrera bat hartzen du. Leku gutxitan gertatzen da Andaluziako Marinaledan egiten dutena. Han,...
Abstentzioa - Abstención
Abstentzioa Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, oligarkak eta familia aberatsek, Rothschild familiak, Rockefeller familiak eta beste batzuk korporazio ezberdinetan interesak zeuzkatenek Europako batasun ekonomikoa sortu zuten, gaur egun EB-Europar Bat...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan