BIltzarre

Foroak

Egilea

Mezua

Administratzailea
2018-11-05, 09:07

7-Nortasun agiria: ENA, Naziotasun Aitormena, uztarketa...

Gidaliburuan jarritakoa

 

8.1. Azalpena

 

a) 1936an Eusko Izat Agiria

1936an, Hegoaldeko Errepublika garaian Euzkadiko Jaurlaritzak identitate agiri hau egin zuen. 8 orrialde zituen eta azalean Zazpiak Bat herrialde bakoitzean bere izenarekin, bigarrenean argazkia eta sinadurarako tokia, hurrengoan azalpena 4 hizkuntzatan (euskera, fransesa, gaztelera eta ingelesa).

1990ko Alkartasuna Egunean, Ezpeletan, EAko gazteek banatu zuten agiri hau. Gasteizko EA izan zen bultzatzailea.

 

b) 1936an Carnet de Identidad

Euskal Herritik kanpo bizi ziren euskal herritarrak identifikatzeko, Euzkadiko Jaurlaritzak beste agiri desberdina egin zuen: Carnet de Identidad. Madrilen zeukan Euzkadiko Ordezkaritza Orokorraren bidez egin zuen.

 


c) 1936an Gudari txartela

Horrez gain, gudariek ere agiri propioa zuten, irudian ikusten dugun bezala.

 


d) 1983an Muga  txartela (pasaportea)

EAJtik aldendutako Euzkotarrak taldeak atera zuen pasaporte hau 1983an. Taldeak 1980-85 urteon artean funtzionatu zuen, Gudari  izeneko aldizkaria plazaratuz, iritzi artikuluak argitaratuz eta abar. Identitate txarteltzat ere proposatzen zen.

 

 

 

e) 1989an Pasaportea

Herri Batasunak Iruñan ospatutako Aberri Egunean, kalean bertan hasi zen KAS erakundea pasaporte hau banatzen 1989an, han zigilatzen zutelarik. 13.000 ale inguru banatu ziren ondorengo bi urteetan. Herritar askok erabili egiten zuten eta onartu zuten herrialdeen artean, besteak beste, Kuba, Alemania eta Norvegia ditugu.

 


 

f) 1990ean Euskal Herritartasun Agiria

KASen agiri hau ere oso ezaguna izan zen, hiru urtez jarraian, 1990, 1991 eta 1992ko Aberri Egunetan, milaka ale banatu zirelako Iruñan. Agiria triptiko modura eginda zegoen eta datu pertsonalez gain, gomendio batzuk ere ematen ziren: norberaren erabilpenerako zela eta inolaz ere kontrolerako, are gutxiago, kontrol polizialetarako…, Euskal Herriko Herritartasuna, euskalduna beraz, baieztatzen zigula….

 

 

 

h) 1997an ENA Euskal Nortasun Agiria (Elkartea)

1997ko urrian Bilboaldeko euskaltzale talde batek Urtzi Ihitzaren ekimena ikusita eta bera inplikatuz, elkarte bat sortu, eredua hobetu eta proiektu handiago bat abian jarri zuen. Abenduan Durangoko Azokan zabaltzen hasi zen eta geroztik hor egon da beti agiri hau eskaintzen, baita beste hainbat lekutan ere.

Elkarteak 21 urte hauetan 37.800 agiri egin ditu.

Agiriak 43 udaletan aitorpen ofiziala eskuratu du udalbatzak onetsitako erabaki baten bidez edo kudeaketak egiteko besterik gabe onartzen dute. Herritarrek erosketak egitean euren burua identifikatzeko, Iparraldean errefuxiatu batzuek euren burua identifikatzeko (Administrazioak beste agiririk ez dietelako eskaini), bozkatzeko, muga pasatzeko eta gauza askotarako erabiltzen da agiria.

ENA elkarteak beste ekimen asko egin ditu: Euskal Jatorri Agiria (norberaren izen-abizenen esanahiekin), Sendi Agiria, ANA agiria, gaiarekin lotutako 20 argitalpen, Europako nazioei eta herritartasunari buruzko 500 liburuz osatutako liburutegi publikoa, 8 ENA Egunak, etab.

ENA eskuratzeko edozein estatutan kontuan hartzen diren irizpideetako bat bete behar da: euskalduna izatea (bertako hizkuntza jakitea), edo EHn jaioa izatea, edo bertako baten seme-alaba edo ezkontidea izatea edo bertan 5 urtez gutxienez erroldatuta egotea.

2016an Atzerritarren Nortasun Agiria ANA egiten hasi da. Euskal Herrian bost urte baino gutxiagoz bizitzen daramaten kanpotarrei eskaintzen zaie.

 

 

 

i) 2001ean Euskal Herriko Naziotasun Agiria (EHNA)

Bai Euskal Herriari mugimenduaren ekimenez 125.000 mila izenpe lortu ziren, Udalbiltzak honako agiria sortu zezan.

Agiriari Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) izena jarri zitzaion eta 58.500 ale egitera heldu ziren, lehenengo 150ak, Zestoan 2001eko irailean banatu zirelarik.

Naziotasun aitormenaren azken agiriok 2009ko ekainean egin ziren, ordurako estatu espainiarrak Udalbiltza legez kanpo jartzea erabaki zuelarik, partaide batzuk kartzelaratzera helduz. Naziotasun Aitormena 234 herritan tramitatzera heldu zen.

Wikipedian dioenez, “1948ko Giza eskubideen aldarrikapen unibertsaleko 15. artikuluan oinarritzen da EHNA. Bertan pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea esaten da. Eta inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere jarraitzen du… EHNA ez da karnet bat, adierazpen bat baizik. EHNA egiten duen orok bat egiten du adierazpen horrekin eta horretarako ematen zaio agiria. Adierazpenak honakoa dio hitzez hitz:. Nik, euskal herritarra naizen honek, zera aldarrikatzen dut:

Euskal Herria Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Garaiko, Lapurdiko eta Zuberoako lurraldeez osaturiko herria da.

Euskal Herriaren hizkuntza euskara da, denon begirune osoa behar duena, eta euskal lurralde osoan estatus ofizial nahikoa izan behar du.

Euskal Herria bere buruaren jabe da, nazio beregain eta librea, eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du.

Adierazpenaren ondoren aitormen bat dator, honakoa dioena:

Ni euskal herritarra naiz eta euskal naziotasunaren jabe naiz. Oharmen, nahimen eta erabakimen osoz, Euskal Herriaren bizitzako partaide naiz, eta guztiz aintzakotzat hartzen dut Euskal Herriaren berezko izaera eta beregain bizitzeko borondatea, bai egungoa eta bai etorkizunekoa.

 

 

 

j) 2001etik EAJk egindako ENAren kopia

EAJk zenbait urtez ENAren kopia egin izan du, alderdiko bazkideak eta beste herritarrak identifikatzeko. 8.500 agiri inguru egin zuen.

Aurrekaldea ENA agiriaren berdintsua da eta atzeko aldean Gernikako Arbolaren irudia dauka.

2008aren inguruan egiteari utzi zion.

 

 

 

k) 2004an Euskal Sendi Agiria

Euskal familiek ere agiri propioa edukitzeko, erraz eramateko eta argazkiak dituen agiri hau egiten hasi zen ENA 2004tik aurrera, ale gutxi egin diren arren.

 

ENA, Naziotasun Aitormena eta ENAren kopiaren artean 100.000 herritar baino gehiagok ba dugu gure burua euskeraz identifikatuak izateko aukera. ENA, EAJ eta Udalbiltzaren artean bilerak egin ditugu Agiri bateratua adosteko. Dena dela jarraitzen duen ekimen bakarra ENArena da.

 

 

Eguneratuta: Administratzailea, 2018-12-12, 23:19

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan